Deportivo Alavesen Mendeurrenaren ereserkia, euskaraz

Moldaketa Miren Agur Meabek egin du eta 'Gora Burua' da bere izenburua.

Pasaden astean Deportivo Alavesen Mendeurrenaren gaztelaniazko ereserkia aurkeztu zen. Oraingoan aldiz, Mikel Izalek konposatu eta interpretatutako euskarazko bertsioa aurkeztu da, “Gora burua”. Moldaketa Miren Agur Meabe idazleak egin du. Idazle lekeitiarrak hainbat sari irabazi ditu bere ibilbidean zehar, hala nola Kritikaren Saria (2001 eta 2011) edo Gazte Literaturako Euskadi Saria (hiru aldiz). Gainera, Euskararen Akademiako kide laguntzailea da 2006tik.

Musikalariak ere hurrengo hauek izan dira:

  • Baterian, Kike Suárez Alba, telebista, antzerki, dantza eta zinemako banda-soinuetako musika-konpositore autodidakta.
  • Tronpetan, Rubén Salvador, Gasteizko, Donostiako, Coruñako, Amurrioko, Araiako, Zarauzko eta Miranda de Ebroko Musika Eskoletako irakaslea.
  • Tronboian, González Fernández de Larrinoa, Vitoria-Gasteizko, Donostiko eta Mirandako jazz jaialdietan, Hondarribiko Blues Jaialdian, eta Alemania, Italia edo Frantziako beste hainbeste jaialditan jo izan duen artista.
  • Teklatuetan, Koldo Uriarte, Bingen Mendizabalekin batera Juanma Bajo Ulloaren azken filmaren soinu-banda konposatu duen musikalaria.
  • Gitarran, Javi Antoñana, baxuan, Iosu Izaguirre, eta biolontxeloan, Nuria Nieto, Luis Aramburu Musika Eskolako hiru instrumentu irakasleak.
  • Biolinean, Nika Bitchiasvili, Vitoria-Gasteizen bizi eta Tbilisin (Georgian) jaiotako artistak bere jaioterriko Orkestra Sinfonikoan jo zuen.

 

LETRA de “Gora Burua”:

Mende bete besarkada leial,

mende bete neke eta izerdi,

zelaian txikitatik glorioso,

ohore zuri, agur t´erdi.

 

Santa Maria gainean

keinuka ari iparrizarra;

nire bihotz zuri-urdina,

Mendizorrotzan sugarra.

 

Eskerrak gidari izatearren

elkarri eman eta hartzen,

gure artetik falta direnak

gol bakoitzean ekartzen.

 

Txalo-goraka hasita

mututzen zait ahotsa ia;

babazorroen bufandak

goxatuko dit eztarria.

 

Aurrera ba, gora burua,

Deportivo kementsua,

Gasteiz osoa daukazu gaur zutik

zurekin topa egiteko,

maitasuna berritzeko.

Alavesen abaroan

Araba ez da biluzik.

 

Aupa zu di-da jaikitzeagatik

etsipena adore bihurtuz,

txoria lez lokatz zapaldutik.

Munduko mugak apurtu!

 

Beti hegan gaztelu-dorrera,

bandera besoan hartuta,

historiaren orrietan

noble nahi zaitugu eta.

 

Betor beste ehun urteko

harrotasun garbia,

alde eginak ahaztu barik,

pizturik beren argia.

 

Ekaitzari paparra eta

markagailua domatu.

Alaves ontzia bada,

zaleok gara olatu.

 

Aurrera ba, gora burua…