Javier Berasalucek ohorezko sakea egingo du Mendeurrenaren neurketan

Urtarrilaren 23a bertan da, Deportivo Alavesek ehun urte beteko dituen eguna, alegia. Larunbatean, taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du gaueko 21:00etan.

Javier Berasaluce jokalari ohiak egingo duen ohorezko sakea izango da jardunaldiko ekintza hunkigarrienetako bat. Javier atezain urdin-txuria izan zen lau denboraldiz -1951tik 1955era- eta, besteak beste, Lehen Mailarako igoera lortu zuen.

90 urterekin (1931n jaioa), Berasalucek talde urdin-txuriaren historia irudikatzen du. Deportivo Alavesen ez ezik, Real Madrilen ere jokatu zuen eta, bertan, bost aldiz irabazi zuen Europako Kopa. Amaika Bat, Real Sociedad eta Racing de Santander bezalako taldeetan ere jokatu zuen atezain ohiak.

Gurpildun aulkian mugitzen denez, Berasalucek bere 10 urteko Uxue Pereda Jiménez bilobarekin egingo du ohorezko sakea. Mendeurreneko momenturik hunkigarrienetako bat izango da zalantzarik gabe.

Futbolari historikoak maitasun handiz kontatzen ditu bere bizipenak klubak argitaratutako bideo baten:

«Alaves nire bizitzako taldea da», onartzen du harro. Bertan eman zituen bere ibilbide profesionaleko «urterik onenak».

«Adiskidetasun eta batasun giro izugarria zegoen, eta giro polit horrek Lehen Mailara eraman gintuen».

Deban jaiotakoak, gogoan ditu «hemen gertuko» kide bizkaitar eta gipuzkoarrak. «Bi pentsiotan geunden, eta askotan batak bestearen aurka jokatzen genuen. Galtzen zuenari janaria ordaintzea tokatzen zitzaion».

Nostalgiaz gogoratzen ditu Mendizorrotzatik kanpo jokatzean egiten zituzten bidaia luzeak. «Broma asko egiten genituen. Oso giro polita geneukan».

Eta noski! Ez du ahaztekoa Barakaldoren aurka lortutako Lehen Mailarako igoera. «Oso hunkigarria izan zen, 2-1 irabazi genuen».

«Deportivo Alavesek ehun urte bete ditu. Nik ez nuen ospatzerik espero. 90 urte ditut jada eta ez nuen adin honetara iristerik espero «, azpimarratu du umoretsu.

«Oso zoriontsua izan naiz Gasteizen, eta zoriontsu izaten jarraitzen dut», amaitu du atezain ohiak. Beraz, eta hala behar duenez gero, legenda urdin-txuriaren ohorezko sakea harrotasun handiz biziko da zale guztien artean.