Historia
Gloriosoren historia, pausuz pausu
1921-1928
AMETS BATEN HASIERA
1920an Sociedad Deportiva Sport Friend’s kluba sortu zen, Miranda eta Logroñoko taldeen aurkako partiduak jokatzen hasi zena.
Jose Cabezas izan zen lehen presidentea eta taldeak Manuel Iradier kaleko 34an zuen egoitza.
1921eko urtarrilean egindako asanblada baten ondoren, Hilario Doraok, orduko presidenteak, Sport Friend ‘s zena Club Deportivo Alaves bezala izendatzea erabaki zuen.

Deportivo Alavesen lehen neurketa 1921eko martxoaren 6an jokatu zen Regimiento de Cuenca taldearen aurka, 3-2 emaitzarekin.
1924an, klubak bere lehen neurketa ofizialak jokatu zituen Bizkaiko Federazioaren barruan. Zentzu honetan, azpimarragarria da Cantabria de Bilbao taldearen aurka Mendizorrotzan jokatutako lehen neurketa (5-0).
Klubaren kirol instalazioak, Cervantes Pasealekuan kokatuak, 1923an inauguratu ziren Real Sociedad eta Deportivo Alavesen jokalariez osatutako talde misto baten eta Athletic de Bilbaoren arteko partidu batekin.
1924an, futbol-zelaia ofizialki inauguratu zen Mendizorrotza deitzera pasatuz. Urte bat beranduago, 1925an, zelaia handitu egin zen belodromoarekin eta tenis pistekin.
1926/27 denboraldian Alavesek Bizkaiko Federazioaren B Seriean parte hartu zuen, txapeldun bilakatu ondoren A Seriera igotzea lortuz.
1928an berriz, taldeak Errege Kopan parte hartu zuen aurrenekoz, F.C. Barcelonaren aurka jokatutako finalerdietara helduz.
1928/29 denboraldian Kluben Liga sortu zen. Urte hartan Alavesek hirugarren postua lortu zuen Bigarren Mailan.
1928-1936
ZERBAITEGATIK DEITZEN DIOTE ‘GLORIOSO’
1929/30 denboraldian, klubaren lehen mugarrietako bat lortu zen, taldea Bizkaiko txapeldun bezala Lehen Mailara igotzea lortuz.
Deportivo Alavesek onenen artean hasi zuen hamarkada, guztira, hiru denboraldiz jarraian jokatu baitzuen Lehen Mailan.
1930/31 denboraldian Real Sociedaden aurka egin zuen debuta Atotxan eta Lehen Mailako lehen gola Manolo Olivaresek sartu zuen.
Lehen Mailan debutatu zuen talde historiko hura -Pepe Baonzaren zuzendaritzapean- Beristain, Ziriako, Quincoces, Albeniz, Fede, Urkiri, Arsenio, Heredia, Olivares, Jauregi eta Lecuek osatu zuten.
Lehen Mailako bigarren denboraldian jokalari askok taldea utzi zuten. Olivares, Ciriaco eta Quincoces, adibidez, Real Madrilera joan ziren 65.000 pezetaren truke.
1932/33 denboraldian Alaves Bigarren Mailara itzuli zen. Kirol eta ekonomia arloan zailtasun ugari pasa zituen klubak, eta bi hamarkada behar izan zituen oztopo hauek gainditzeko. Garai honetan Amadeo Garcia de Salazar entrenatzailea nabarmendu behar da, ondoren espainiar selekzioko hautatzaile izan zena.
1934ko abuztuan Club hitza kentzea erabaki zen, ofizialki, Deportivo Alaves deitzera pasatuz.
Hurrengo bi urteetan, arazo ekonomiko larrien ondorioz, Alavesek ez zuen ez ligan ez Kopan parte hartu. Gainera, kluba desagertzeko zorian egon zen.
1936an Gipuzkoako Federazioan sartu arren, Gerra Zibila hasi zenean txapelketa ofizialak bertan behera utzi ziren. 1938an, Alavesek Nafarroako Brigaden Kopan parte hartu zuen eta finalean Barakaldoko Oriamendi garaitu zuen 2-1eko emaitzarekin.
1938/39 denboraldian Generalisimo Kopako finalerdiak jokatu zituen Sevilla F.C. taldearen aurka, ondoren txapeldun bilakatu zena.
Txapelketa ofizialak 1939/40 denboraldian itzuli ziren. Alavesek Bigarren Mailan ekin zion berriz lehiaketari, zortzigarren eta azken postuan amaituz. Gauzak horrela, kluba Hirugarren Mailara jaitsi zen ibilbide luze eta gogor bati hasiera emanez.
1936-1951
GERRA ZIBILA ETA GERRAOSTE GOGORRA
40ko hamarkada Hirugarren Mailan hasi zen, gipuzkoar multzo erregionalean, hain zuzen ere. Mailako txapeldun geratu ondoren, taldea Bigarren Mailara igo zen berriz.
1941/42 denboraldian hirugarren postua lortu zen. Baina berriz ere jokalari onenek Alaves utzi zuten eta taldea asko ahuldu zen. Beraz, hurrengo denboraldian taldea Hirugarren Mailara jaitsi zen berriz.
1943/44 denboralditik 1950/51 denboraldira, Deportivo Alavesek Hirugarren Mailan jokatu zuen bere arazo ekonomiko larriengatik mehatxatuta. Federazioak egindako berregituraketak, Alaves Erregionalera jaistetik libratu zuen 1948/49 denboraldian.
Zaleentzako nota alai bakarra 1946an lortutako Federazio Kopa izan zen, Generalisimoaren Kopan parte hartzen ez zuten taldeek osatutako txapelketa, alegia. Madrilgo Metropolitanon jokatutako finalean, Deportivo Alavesek Sueca de Valencia garaitu zuen (3-2).
Hamarkada honetako gertakari tragiko gisa, aipagarria da Amadeo García de Salazarren heriotza 1947ko ekainean. Bere figura ezinbestekoa izan zen Deportivo Alavesen sorrera urtetik.
1951-1965
BIGARREN ETA LEHEN MAILAREN ARTEAN
50eko hamarkadaren hasierarekin batera, taldeak Bigarren Mailara igotzea lortu zuen Hirugarren Mailan zortzi denboraldi eman ondoren. Hurrengo bi denboraldietan Deportivo Alavesek zilarrezko mailan mantentzea lortu zuen.
1953/54 denboraldian, Manolo Etxezarretak zuzendutako taldea maila gorenera itzuli zen. Urte horretan, taldeak Real Madrilen aurka jokatu zituen Kopako final-zortzirenak eta 18.000 pertsonatik gora batu ziren Mendizorrotzan.
Partidu aipagarrienen artean, Mendizorrotzan Valentziaren aurka jokatutako neurketa. Deportivo Alavesek 7-0 menderatu zuen talde valentziarra.
1955/56 denboraldian taldeak ez zion Lehen Mailari eusteari lortu. Denboraldi hasieran, Wilson, Berasaluce, Barcina edo Erausquin bezalako jokalari garrantzitsuenek taldea utzi zuten.
1956ko apirilaren 15ean, igandea, Lehen Mailako Alaves-Athletic neurketa jokatu zen Mendizorrotzan. Partidua hasi aurretik, zelaian batutako 20.000 zaleak ez ziren harmailetan sartzen, baimendutako gehieneko edukiera askogatik gaindituz. Neurketa hasi eta berrogeita bost minutura, Tamaril epaile valentziarrak neurketa bertan behera utzi zuen eta hurrengo eguneko arratsaldeko 5an ekin zitzaion partiduari. Gertaera hau futbolaren historiara pasa da.
Ondoren jokatutako jaitsiera ligaxkan, klubak ez zuen maila gorenean mantentzea lortu eta Bigarren Mailara jaitsi zen. 40 urte baino gehiago igaro behar izan ziren Deportivo Alaves Lehen Mailara itzultzeko.
Klubak Bigarren Mailan eman zituen hurrengo lau denboraldietan, Hormaechek Alavesen 1.000. gola sartu zuen Mendizorrotzan.
1959/60 denboraldia oso zaila izan zen eta taldea Hirugarren Mailara jaitsi zen urte osoan etxetik kanpo partidu bat irabazi gabe.
1964-1974
HAMARKADA GATZGABEA
Nahiz eta 60ko hamarkada Hirugarren Mailako putzuan hasi, denboraldi horretan Bigarren Mailara igotzea lortu zen.
Ondoren, taldeak zilarrezko mailan jokatu zuen hiru urtez, baina, berriz ere, arrazoi ekonomikoek jokalari onenak saltzera behartu zuten kluba. Beraz, 1963/64 denboraldian taldea brontzezko mailara jaitsi zen.
Hurrengo urteetan arazo ekonomikoak izan ziren nagusi, baita Gipuzkoako Federazioaren desagertze-mehatxuak ere. Klubak Atletico Madrili bere filiala izateko eskaintza egin arren, azkenean aukera hau deuseztatu egin zen.
Deportivo Alaves Bigarren Mailara igo zen urtean -1967/68 denboraldian, alegia-, Andoni Sarasola jokalaria trafiko istripu baten hil zen. Sarasola karisma handiko jokalaria zen eta zalego arabarrak asko maite zuen.
Bitxikeri bezala, Ferenc Puskás entrenatzaile eta idazkari tekniko bezala kontratatu zela aipatzea. Bi urte beranduago, taldea Erregionalera jaitsi zen kategoriaren berregituratzearen ondorioz.
1974-1983
‘BIGARREN MAILAKO BARTZELONA’
Gipuzkoako Erregionalean urtebete eman ondoren, Deportivo Alavesek Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen. Ondoren, 1973/74 denboraldian, taldea zilarrezko mailara itzuli zen.
Bederatzi denboralditan zehar taldea Bigarren Mailan mantendu zen egoera ekonomiko positibo batekin. Urte hauetan zehar, taldeari “Bigarren Mailako Bartzelona” esaten zitzaion eta kluba jokalari hispanoamerikarrak fitxatzen hasi zen, hala nola Cruz eta Gomez uruguaitarrak, Ortigosa paraguaitarra, Adorno, Valdano eta Pavon argentinarrak eta Urkia hondurastarra. Izen handiko taldeak osatu arren, jokalari hauek ez zuten Lehen Mailara igotzea lortu.
Aitzitik, Kopan arrakasta handiak lortu ziren. 1977-78 denboraldian taldeak final-zortzirenak jokatu zituen Johan Cruyffen Bartzelonaren aurka. Nahiz eta 20.000 zale baino gehiagoren aurrean Alavesek joaneko partida irabazi (1-0), azkenean talde kataluniarrak irabazi zuen kanporaketa. Hurrengo urtean ere taldea final-zortzirenetara heldu zen, baina Mario Alberto Kempesen Valentziak Alaves kanporatu zuen.
1983-1995
SUSTOZ BETERIKO HAMARKADA
Hamarkada berria Hipolito Lalastra presidentearen heriotza tragikoarekin eta 1982/83 denboraldiko Hirugarren Mailarako jaitsierarekin hasi zen. Hurrengo urtean, klubak kategoria berria estreinatu zuen, Bigarren B Maila, alegia.
Klubaren historiako etaparik tristeenetako bat 1985/86 denboraldiari dagokio, berankortasunaren ondorioz Kluba kategoriaz jaitsi zenean, 200 milioi pezetako zorrak pilatuz.
Berriro ere, desagerpenaren itzalak klubaren etorkizuna mehatxatzen zuen. Juan Arreguiren bitartez, klubak irtenbide bat aurkitu zuen Athletic de Bilbaorekin elkarlanean. Gauzak horrela, klub bizkaitarrak Deportivo Alavesen zorrak bermatu zituen, jokalari urdin-txurien aurrean lehentasuna izatearen truke. Hitzarmen hau 1992an amaitu zen.
Egoera ekonomiko larri honetan, Deportivo Alavesek Hirugarren Mailan jokatu zuen lau denboraldiz, Alegria, Aurrera edo Abetxuko bezalako talde arabarren aurka lehiatuz. 1989/90 denboraldian, taldea Bigarren B Mailara igo zen berriz.
1995-2002
URTE OPAROAK
1990ean Ibaiako kirol-instalazioak inauguratu ziren. Bost urtez Bigarren Mailara igotzeko play-offa jokatu ondoren, 1994/95 denboraldian igoera lortu zen.
1996an Deportivo Alaves Kirol-Sozietate Anonimo bihurtu zen.
1997/98 denboraldian berriz, Deportivo Alavesek bere historiako orrialde loriatsuenetako bat idatzi zuen, 42 urte ondoren Lehen Mailara igoz.
Jose Manuel Esnal “Mané”ren eskutik, jokalari gazteak eta beteranoak batzen zituen talde homogeneo eta indartsu bat eraiki zen. Talde urdin-txuriak Rayo Vallecanoren aurka (3-0) lortu zuen igoera Mendizorrotzan, Manolo Serrano (2) eta Sivori gasteiztarraren golekin.
Denboraldi horretan, Errege Kopan egindako ibilbidea oparoa izan zen ere. Real Madril (1-0) bezalako Lehen Mailako hainbat talde kanporatu ziren, Mallorcaren aurka txapelketako finalerdiak jokatuz.
1998/99 denboraldia, Lehen Mailako itzulera urtea, izugarria izan zen ere. Mendizorrotza erreforma prozesuan zegoenez, taldeak San Mamesen egin zuen debuta Betisen aurka.
Bitxikeri horretaz gain, denboraldi horretan klubak bere bazkide errekorra gainditu zuen (14.300). Nahiz eta permanentzia lortzeko asko sufritu, taldeak azken jardunaldian lortu zuen salbazioa, Mendizorrotzan Real Sociedadi irabazita. Antonio Karmonak denboraldiko minutu guztiak jokatu zituen eta filialak Bigarren B Mailara igotzea lortu zuen.
1999/00 denboraldia aurreko urtea baino lasaiagoa izateko helburuaz hasi zen. Taldeak seigarren postua lortu zuen -bere historiako posturik onena-, lehen aldiz UEFA Kopara sailkatuz.
Aipatzekoak dira urte horretan Martin Herrerak lortutako Zamora Saria, eta etxetik kanpo eskuratutako garaipen izugarriak: Santiago Bernabeun (0-1), Mestallan (0-2) eta Nou Campen (0-1).
2002-2011
KRISIAK KRISI, ‘GLORIOSOK’ EZ DU INOIZ AMORE EMATEN
UEFA txapelketan debuta eginez, 2000/01 denboraldia historikoa izan zen. Ligan hamargarren postua lortzeaz gain, Deportivo Alavesek bere historiako partidu garrantzitsuena jokatu zuen urte hartan: Liverpoolen aurka Dortmunden (Alemania) jokatutako UEFA Kopako Finala.
Finala luzapenean galdu ondoren (5-4), urte horretan Alavesek zeresan handia eman zuen futbol europarrean.
Aje europarraren ostean, Deportivo Alavesek 2001/02 denboraldia Lehen Mailan hasi zuen berriz. Ligan zazpigarren bukatuz, taldea Europar postuetara sailkatu zen bigarren aldiz. Gainera, denboraldi horretan Deportivo Alaves Lehen Mailako liderra izan zen bi jardunalditan zehar.
Gertakari tragiko gisa, Jose Luis Compañón “Compa”, Francisca Ortiz de Guzmán “La Paca”, eta Unai Elezkano prestatzaile fisikoaren heriotzak oso gogorrak izan ziren zalego urdin-txuriarentzat.
2002/03 denboraldia negargarria izan zen: taldea UEFAko bigarren kanporaketan eliminatu zuen Besiktas turkiarrak, eta Ligan hondamendia gauzatu zen taldea Bigarren Mailara jaitsiz.
2003/04 denboraldian ez zen Lehen Mailara igotzea lortu, baina Kopako finalerdiak jokatu ziren Zaragozaren aurka, ondoren txapeldun bilakatu zena.
2011-2021
INFERNUTIK ZERURA
2010/11 denboraldia (klubaren 90. urteurrenaren urtea) Alfredo Ruiz de Gauna kudeatzaile berriaren agindupean hasi zen. Liga hasieran zortzi partidu galdu gabe egonda, taldea igotzeko hautagai sendoa zen. Hala ere, bigarren itzulia ez zen ona izan eta igoera play-offetan UD Melilla garaitu eta gero, bigarren kanporaketan Lugoren aurka eliminatuta geratu zen taldea.
Egoera ekonomiko latzaren ondorioz Kluba desagertzeko zorian zegoela, 2011ko ekainaren 24an Josean Querejetak gidatutako enpresa taldeak Deportivo Alavesen agintea hartu zuen, Avelino Fernández de Quincoces Administrazio Kontseiluko presidente izendatuz. Behin Adelante Ligara igota, Alfonso Fernández de Trocóniz bilakatu zen presidente.
Ibilbide honetan, Cervantes pasealekuko erakundeak Futbol Liga Profesionalean finkatzea lortu du eta Arabako zale guztien bihotzetan bi une magiko geratuko dira betiko, biak Jaenen biziak, gure jarraitzaileentzat hiri berezia zalantzarik gabe. Hiri andaluziarrean, Deportivo Alavesek Bigarren Mailara igotzeko ezinbestekoa izan zen berdinketa lortu zuen 2012/13 denboraldian eta, hurrengo urtean, taldeak zilarrezko mailari eustea lortu zion eszenatoki berdinean. Partiduaren amaiera infartuzkoa izan zen Guzmanek azken txanpan lortutako golarekin.
Ikuspegi instituzional eta ekonomikoan, Klubak oso momentu egonkorra bizi du saneamendu-plana bete eta konkurtso-prozesua arrakastaz itxi ondoren. Esparru sozialari dagokionez, Mendizorrotzan Ligako giro onenetako bat bizitzen da astero, partidu bakoitzean atsedenik gabe animatzen duen zalegoari esker. Alavesek bisitari gisa jokatzen duen gainerako estadioetara hedatzen da ere babes hori eta, horregatik, Deportivo Alavesen afizioa Klubaren aktibo handienetako bat dela adierazten da beti.