Deportivo Alavesek Mendizorrotzako markagailu historikoa erreplikatuko du Mendeurrenaren neurketan

Deportivo Alavesek ehun urte beteko ditu datorren larunbatean, eta efemeridea ospatzeko antolatutako ekitaldien artean, Mendizorrotzako markagailu historikoa erreplikatzea erabaki da; Donatoren markagailua zeritzona, alegia.

Oraingo markagailu teknologikoez gain, Deportivo Alavesen eta Real Madrilen arteko neurketan Donatoren markagailu historikoa erreplikatuko da, antzina bezala golak zenbaki-taulatxoekin eskuz aldatuz.

Gauzak horrela, eta Javier Berasalucek (90 urte) ohorezko sakea egingo duela jakinik, klubak beste keinu bat egin nahi izan dio Gloriosoren ehun urteko historiari.

Markagailu zaharraren erreplikak 4 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera izango du. Preferente harmailan kokatua, Polideportivo harmailatik gertu, markagailua neurketa berezi honetarako jarriko da soilik.

Gainera, Mendeurrenaren urtean zehar Arabako hainbat herritara eramango da markagailua Deportivo Alaves lurralde osora hurbiltzeko filosofiari jarraituz. Izan ere, Mendeurrenaren urteari afiziorik gabe aurre egin izanak, Deportivo Alavesen tresna historikoetako bat zaleengana hurbiltzera eraman gaitu. Ekimen honen bitartez, zale arabarrek Donatoren markagailuaren erreplika zuzenean ikusi ahalko dute. Gasteizez gain, laster emango da ezagutzera gainontzeko herrien zerrenda.

Donato Díaz Villaluenga «markagailuaren gizona» izan zen Mendizorrotzan.

Donato, bere aitaren oinordetzari eutsiz, 1945-46 denboraldian hasi zen lanean, Gimnastica Burgalesaren aurka jokatutako neurketa batean, General eta Polideportivo harmailen artean zegoen talaian.

Neurketa euritsu eta hotzetan, eta garai horietako harmaila ezegonkorrekin ere, Donatok mende erdia eman zuen Deportivo Alavesen golak markagailura igotzen, maila erregionaleko urte gogorrak zein Lehen Mailarako igoera bezalako garai oparoak biziz.

Markagailu elektronikoak Mendizorrotzara iristearekin batera, Donato 82 urterekin erretiratu zen, Deportivo Alavesen urrezko domina jasota.